martes, 6 de noviembre de 2012

Euskal unibertsitateak dira masifikazio gutxien daukatenetakoak Espainiako Estatuan

Ihintza ELUSTONDO Espainiako Estatuko unibertsitate-sistema aintzat hartuta, euskal unibertsitateak dira masifikazio gutxien daukatenetakoak, Eroski Consumerrek Unibertsitateen Gida Praktikoan argitaratu duenez. Irakasle bakoitzari zenbat ikasle dagozkion kalkulatuz jakiten da, nagusiki, zenbateko masifikazioa dagoen ikasgeletan. Euskal unibertsitateetan, batez beste, 8,9 ikasle daude irakasle bakoitzeko; Estatuko batez bestekoa berriz, 12,4koa da. Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruak garrantzi berezia ematen dio datu horri. Izan ere, irakaskuntza pertsonalizatuagoa lortzea da bere jomuga nagusienetakoa.
Eroski Consumerrek, aurtengo datuak bildu ondoren, eguneratu egin du Unibertsitateen gida Praktikoa. Iturri horren arabera, 2011.urtean euskal unibertsitateetan defendatutako 572 doktore-tesietatik, EHUn egin dira 321 eta Nafarroako Unibertsitatean 182. Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen (AZL) arloan, Mondragon Unibertsitateak eta EHUk dauzkate langile gutxien. AZL eta irakasleen arteko ratioaren datuak honakoan dira hurrenez hurren bi unibertsitate horietan: 0,2 eta 0,3. Estatuko batez bestekoa 0,45ekoa da, Nafarroako Unibertsitatean berriz, 1,3koa. Unibertsitateetako ordenagailu hornikuntzari dagokionez, Deustuko Unibertsitatea eta Mondragon Unibertsitateak dituzte emaitzik onenak, 3 ikasleko ordenagailu bat eskaintzen dutelarik. EHUn 9 ikasleko dute ordenagailu bat eta Nafarraoko Unibertsitatean 12 ikasleren artean banatu behar dute ordenagailua. Unibertsitateek enpresa arloarekin duten lotura ere izan du aztergai ikerketak. Arlo horretan Mondragon Unibertsitatea nabarmendu da. 600 enpresarekin ditu hitzarmenak 3018 ikasle besterik ez dituen arren.
Ikasketa eskaintzari dagokionez, Europako esparrura egokitutako 200 gradu baino gehiago eskaintzen dituzte bost euskal unibertsitateek, EHU gailentzen delarik 92 gradurekin. Master ofizialen kasuan ere EHUk du eskaintzarik osatuena, 100 master inguru eskaintzen dituelarik. Autonomia erkidegoei erreparatuz gero, Kataluniak, Madrilek eta Andaluziak daukate eskaintzarik ugariena master ofizialetan, lehen biek 500 titulu baino gehiago eskaintzen dituztelarik. Ikasketen prezioek ere zeresan handia ematen dute. Lehen ikasturteko matrikulan alde handiak egon daitezke Estatuko unibertsitate batetik bestera, gradu bera ikasteak leku batean edo bestean ia 18.000 eurorainoko diferentzia ekar dezakeelarik.